es | eu

Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusia

Saritua

Ignacio Arangurenek irabazi du 2016ko Vianako Printzearen Kultura Saria, Plaza de la Cruz Institutuko Hizkuntza eta Literatura Sailak hautagaitzat proposatu ondoren.

Ignacio Aranguren irakaslea (Iruña, 1953) Nafarroako Villoslada Institutuko Antzerki Tailerraren zuzendaria izan zen 35 urtean, etenik gabe, sortu zenetik, alegia 1978tik, erretiroa hartu zuen arte, hau da, 2013ra arte. Urte horietan guztietan, Hizkuntza eta Literaturako katedradun nekagaitzak lan handia egin zuen, bere bi grinak uztartuz: antzerkia eta irakaskuntza. Hala, 1.000 ikasle baino gehiago prestatu eta 800 antzezpen baino gehiago egin zituen, idazle hauen testu ugarirekin: Brecht, Alarcón, Valle-Inclán, Buero  Vallejo, Gala,  Goldoni, Poncela, Quevedo, Shakespeare, Aristofanes, Mihura, Miller,  Arniches, Tolstoi, Molière… Arangurenen muntaiak Madril, Almagro eta Saguntoko antzokietan antzeztu dituzte, eta baita atzerrian ere, besteak beste Frantzia, Belgika eta Ingalaterran.

Arte dramatikoa Batxilergoko ikasketak egiten ari zela ezagutu zuen: hanka igeltsatu behar izan zioten eta, atseden hartu behar zuenez, ikaskideek ariketa fisikoak egiten zituzten bitartean, Ignaciok Casona irakurtzen zuen, gogo biziz. Gero Iruñeko Gayarre Antzokiko frisoan aritu zen attrezzo-lanetan. Gainera, El Lebrel Blanco afizionatu-taldeko kide izan zen: aktore, egokitzaile eta zuzendaritza-laguntzaile gisa aritu zen. 1976an Antxon Elosegi saria jaso zuen, Los apuros de don Jeringa (o vamos a jugar al teatro) haurrentzako obrarekin. Laurogeiko hamarkadan antzerki-prestakuntza hobetu zuen, Iruñeara ospe handiko zuzendariak etorri zirelako, besteak beste Miguel Narroz eta José Carlos Plaza. Ordudanik, Ignacio Arangurenek beti hartu du parte Nafarroako antzerki-proiektu nagusietan, bai hezkuntza-arloan (Nafarroako Antzerki Eskola sustatu zuen eta Nafarroako DBHrako Dramatizazio irakasgaiko curriculuma idatzi zuen taldeko kide izan zen, adibidez), bai ikuskizunen programazioan, Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren bitartez.

Bere ibilbidean, Arangurenek irakaskuntza, gida didaktikoak, ikastaroak, hitzaldiak eta antzerki-tailerrak uztartu ditu. Proiektu ugari sustatu ditu, esate batera: Ikastetxe arteko Antzerki Tailerrak, Sin Moldes proiektua, Educando en Justicia programa… Horrez gain, eskola- eta gazte-antzerkiari buruzko pedagogia-lanak argitaratu ditu. 2014an Nafarroako Ikusle Gazteak proiektua jarri zuen martxan; proiektu horretan antzerki-prestakuntzan interesa duten irakasleek parte hartzen dute. Gaur egun, hitzaldiak ematen eta tailerrak egiten jarraitzen du, eta antzerkiaren didaktikari eta adierazpenari buruzko biltzar nazionaletan parte hartzen du.

Jaso dituen sariak:

  •  “Francisco Giner de  los  Ríos” Hezkuntza Berrikuntzako Sari Nazionala (1989)
  • Irakaskuntza ertaineko eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeetako Adierazpen Artistikoko Tailerren MEC Saria (1989)
  • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Esperientzia Berritzaileen Saria (2006, 2007)
  • Zuzendari onenaren Buero Sari Nazionala (2006)
  • Buero Sari Nazionala, gazte-antzerkia sustatzeko ibilbide luzeagatik (2011)

Arangurenek aintzatespen publiko nazional eta internazionala jaso du egin duen lanagatik, eta arte dramatikoaren zaletu eta ikusle kritikoak ugaritzea eragin du. Ikasle horietako batzuk eszenako profesional, antzezle, teknikari, irakasle, gidoigile, zuzendari… bihurtu dira: Alfredo Sanzol dramagilea da Max saria irabazi du; Natalia Huarte eta Alex Larumbe antzezleak dira; eta Josetxo Cerdán Punto de Vista Jaialdiaren zuzendari artistikoa izan da 2010etik 2013ra.

Saritua