Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

NAVARRORUM

Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea

NAFARROAKO ERREGE ARTXIBO NAGUSIA 
21 Iraila - 31 Abendua
Erakusketaren Ordutegia: 
10-14h / 17-20h Egunero

NAVARRORUM ez da euskararen historiari buruzko erakusketa bat. Baina, zernahi gisaz, aurre egiten dio erronka jakin bati: idazki batzuen bidez euskararen aztarna dokumentala agertzea, kontuan izanda ia mila eta bostehun urtean ahozko mintzoa izan zela. Ahozko hizkuntza, idazten ez zena. Erakusketarako, hiru dozena dokumentu hautatu ditugu. Euskarazko agiriez gain, euskarari buruzko agiriak ere badaude tartean. Den-denek badute bereizgarri bat, nafartasuna: Nafarroari buruzkoak, Nafarroan idatziak edo nafarrek eginak dira. Gehienak gure artxibo, museo eta liburutegietatik hartu ditugu, baina badaude Afrikako, Ameriketako eta Europako beste dokumentu zentroetakoak ere.

Guregana iritsi diren euskararen lekukoen bilakaera gogoan izanda, sei gai-multzotan sailkatu dira dokumentuak.

I. Hizkuntza, bere aztarnan. Lehen multzoak erakusten digun garai historikoa –erromatarren mundua eta Erdi Aroko lehen mendeak– dokumentu idatzi oso gutxiko aldia da gure artean. Orduan, euskara doi-doi ikusten da: inoiz edo behin –guri hemen dagoela esateko behar bezainbestetan– agertzen da baskoi latinizatuek seme-alabei eta jainkoei ematen dizkieten izenetan.

II. Hizkuntza, izenaren jabe. Etnikoki edo sozialki bestelakoa denaren ikuspegia ageri da: frankoa, arabiarra, erromesa, fraidea mintzo zaigu. Haiek ematen diote lehenik iruindarren eta gero nafarren hizkuntzari izena. Erdi Aroaren gailurrean gaude.

III. Hizkuntza, idazteko. Hirugarren multzoak islatzen du azkenean euskaraz –herabeki bada ere– idazten deneko aldia. Erdi Aroa amaitzen hasi da. Euskara pergaminora eta paperera iritsi da, beste mintzaira batzuetatik hartutako sinboloen bidez eta, bereaz gain, beste hizkuntza batzuk menderatzen dituzten pertsonen eskutik. Zatitxoak besterik ez dira, baina ikusten uzten digute zer dagoen dokumentazioaren kristal lurrunduaz bestaldean.

IV. Hizkuntza, inprimategian. Eskuizkribu horien ondoren, euskara Errenazimenturantz abiatzen da eta idatziaren munduan sartzen da bete-betean, mintzaira honetan inprimatutako lehen liburuarekin. Olerkiak, itzulpen erlijiosoak edo herri kantak eta, halaber, euskara leku orotan dagoelako aipamenak, horiek guztiek agerrarazten digute, azkenean!, lehen ia ikusezina zen errealitatea, baina betiere hemen egon dena.

V. Hizkuntza, atzeraka. Bosgarren multzoak hizkuntzen arteko borrokaren lehen emaitzak jasotzen ditu; izan ere, borroka sortzen da monarkia nazionalak “herrialde bat, hizkuntza bat” printzipioarekin eratzen direnean. Administrazioak eta eskolak eraginda, euskara espazio publikoan alboratzen hasten dira eta gure hizkuntza herrixkan, elizan eta familian babesten da. Eta horrela hasten da bere atzerakada soziala eta geografikoa.

VI. Hizkuntza, arrazoiaren eta nazioaren artean. Azken multzoak erakusten du euskara mundu garaikideko prozesu politiko eta kulturaletan murgildu dela. Ilustratuen arrazoiak euskara baztertu zuen eta erromantikoen sentimenduak, aitzitik, hura besarkatu. XIX. mendean, gure hizkuntza harrapatuta dago liberalismo uniformizatzailearen eta nazionalismo identitarioaren artean.


Euskara funtsezkoa izan da nafarren historian, baina badago besterik. NAVARRORUMek erakusten du, aldi berean, Nafarroa erdigunekoa izan dela euskararen munduan. Nafarren lurraldekoak dira, hain zuzen, Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako lehen hitzak. Gaur Nafarroa den edo lehen Nafarroa izan den lurraldean ditu euskarak lehen esaldi idatziak, Erdi Aroko testurik luzeenak, lehenbiziko liburu inprimatua, hastapeneko itzulpenak, gramatika eta ortografia bateratzeko lehen saioak... Bai, historian barrena, euskara izan da Nafarroako esentzia kulturala eta Nafarroa izan da, Pirinioen bi aldeetan, euskararen mundua dinamizatu duen ardatza.

NAVARRORUM

Dokumentuak