es | eu

Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusia

Nafarroako Museoaren 60. urteurrena

Ekainaren 24an Nafarroako Museoaren 60. urteurrena ospatu zen.  Horretarako, zenbait jarduera antolatu zituen zentroak Iruñeko Udalaren laguntzaz, jendeari museoaren berri emateko. Jardueren artean hauek aipa daitezke:  horma-irudi kolektibo bat Descalzos kaleko fatxadan, mapping, bisita gidatuak, erakusketen inaugurazioa, areto bat berriro irekitzea..

Horma-irudia Museoko fatxadan

Hiriko artea eta graffitiak egiten dituzten Nafarroako bost artistak (Eneko Azpiroz, Carlos Cenoz “Dino”, Jabier Landa “Corte”, Xabier Latasa eta Javier Roldán “Pin”) osatutako taldeak horma-irudi kolektibo bat egin zuen ekainaren 9 eta 11 artean aire zabalean Nafarroako Museoko alboko fatxadan.

Lan hori Nafarroako Museoaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzari esker egin da, izan ere, Museoaren hirurogeigarren urteurrena ospatu nahi izan dute, 1956ko ekainaren 24an ireki baitzen lehen aldiz. Horma-irudian gaur egungo hiriko artea nabarmentzen da, eta zentroak erakutsitako bildumak agertzen dira.

Artistak Cantamañanas hiriko arteko taldekoak dira, Deltatec zentro sortzailearekin lankidetzan aritu dira eta Jabier Landa aritu da koordinatzaile lanetan.

Museoko lanik nabarmenenak aztertuta, beren gaur egungo eta hiriko estiloa erabili dute, ikusitako lanak aerosoloaren eta muralismo modernoaren tekniketara egokituz. Gama kromatikoak kohesioa ematen dio horma-irudiari, eta euskarriaren inguru arkitektonikoarekin bat egiten du; museoaren fatxadarekin berarekin kasu honetan.

Helburu nagusia hiriari horma-irudi kolektibo handi bat ematea da. Iruñeko hirigunean den lehenengoa da. Baina hiriko artisten asmoa lanekiko eta artista klasikoekiko errespetua agertzea ere da, graffitiaren gaur egungo ikuspegitik eta ikuspegi urratzailetik.

Nafarroako Museoaren 60. urteurrena ospatzeko egindako horma-irudiaren prozesuaren dokumentala
Grabaketa eta edizioa: Xabier Apestegui
Musika: Bonobo – Cirrus

60º Aniversario Museo Navarra from Xabier Apestegui on Vimeo.

 

Museoa zuzenean

Hirurogeigarren urteurrena ospatzeko Nafarroako Museoak bisita gidatuen programa bat antolatu zuen: Museo en primera persona. Horren bidez, erakundearen berri eman nahi zuen, ongi ezagutzen dutenen bizipen pertsonaletan eta alderdi desberdinetan oinarrituz. Horrela, Museoak izan dituen bost zuzendarietatik lauk lan bat azaldu zuten, museoa baten bizitzaren hainbat arlo aztertuz:​

  • Mercedes Joverek Job-en zikloa azaldu zuen duela gutxi berritu dituzten Iruñeko klaustroko kapitel erromanikoetan, 1.7. aretoan.
  • Miguel Ángel Hurtadok Vicente Berdusanen Santa Ceciliako oihal barrokoari buruz hitz egin zuen, nola erosi zuten azalduz, 3.4. aretoan.
  • Javier Zubiaur Konstantino Erroman izandako garaipen-sarrera  adierazten duen marfilari buruz aritu zen 3.1. aretoan. Pieza hori Museoari eman zioten 1992. urtean.
  • Mª Ángeles Mezquírizek berak induskatu zuen  Bakoren garaipenaren mosaiko erromatarrari buruz hitz egin zuen 1.1. aretoan.

Horren aurretik, goizean, bisita bereziak egiteko aukera izan zuten txikienek: Preguntando a Catalina, Catalina de Oscárizekin.

Inside/Outside

Hirurogeigarren urteurrenaren ospakizun-egunaren amaieran, hiriko argiak itzaltzen ari zirenean, Inside/Outside eman zuten Nafarroako Museoaren fatxadan. Mapping ikuskizun bat da, Patxi Araujo artista plastikoaren eskutik, eta Hutsun txalapartari taldeak zuzenean jotzen du biolin-musikaren laguntzaz.

Denbora errealean egindako jarduera akustiko eta bisuala da. Euskarri gisa Museoko fatxada nagusi errenazentista erabili zuen, eta mapping tekniken eta errealitate handituaren bidez eguneroko eremua argiz eta soinuz beteriko ikuskizuna bihurtu zuen. Horrela, aukera arkitektoniko dinamiko eta aldakorren katalogo bihurtu zen horma, eta erreferentzia gisa fatxadaren elementuak berak hartu ziren. Hor, museoaren bildumaren piezak eta ustekabeko beste elementu batzuk txertatu ziren.

 

                                                                                       

Bisita gidatuak

Ekaineko azken astean Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako eta Artearen Historiako ikasleek Museoko erakusketa iraunkorraren Top Five-ra egiten dituzten bisita gidatuak hasi ziren. Ibilbide horretan, Nafarroako Museoko bost pieza nabarmenenak ikusten dira: 

  •     Bakoren Garaipenaren mosaiko erromatarra.
  •     Job-en kapitel erromanikoa.
  •     Leireko kutxatila.
  •     Kristoren pasioaren mural gotikoa.
  •     Francisco de Goyak margotutako San Adriango markesaren erretratua.

Aurtengo nobedadea da gaztelaniaz eta euskaraz emango dira, eta baita arratsaldean ere.
               

                                                                                       

Historiaurreko aretoaren berrirekitzea

Museoaren 60. urteurrenarekin bat etorriz, Historiaurreko aretoa berriro ireki da publikoarentzat. Guztira Nafarroako 51 aztarnategietako 250 ale ditu, banakako ondasunen eta multzoen artean. Horien artean munduko Paleolitoan bakarra den ondasun bat nabarmentzen da, Abauntzeko mapa gisa ezaguna den 1. blokea. Mapa horretan, kobazuloaren inguruko elementu geografikoak eta ahuntz-talde baten lehen adierazpen eskematikoa zizelkatuta agertzen dira. Bere hedapenik handiena bilatzeko lan horiek handitu dituzte, eskalan, publikoak oro har eta ikasleek eta itsuek ikus ditzaten.

Bi nobedade ditu:  batetik, proiektu museografikoa Murariak egokitu du, euskaraz ere adierazteko; bestetik, aretora sartzeko galeria urdinean Beiren 2010. urtean aurkitutako garrantzi handiko beste pieza bat jarri dute:  Turbileko estatua-hilarria, 255 cm garai dena. Disko koraza batekin armatuta dagoen gerrari bat adierazten du, eta Nafarroan aurkitutako mukulu biribileko estatuarik zaharrena da. Bigarren Burdinaroko ale bat da, estilo iberiarrekoa, Kristo aurreko III. mendekoa. Ale berri bat aurkezteko Ondare Historikoko Zerbitzuaren eta indusketa zuzendu eta aurkikuntza hau aztertu duen Javier Armendariz arkeologoaren laguntza izan dute.

                                                                                            

On line bildumak

Nafarroako Gobernuak eta Kultura Ministerioak 2011. urtean sinatutako hitzarmenaren arabera, museoak kudeatzeko DOMUS aplikazio informatikoa elkarrekin ustiatzeko eta informazioa trukatzeko arloan, orduz geroztik egindako barneko lanaren ondoren, dagoeneko Nafarroako Museoko bilduma iraunkorraren Erdi Aroko funtsak kontsulta daitezke CER.ES  plataforman. Guztira 118 ale dira, eta hurrengo hiletan gainerakoak jarriko dira ikusgai, 2017ko martxoaren Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorra on line ikusteko aukera egon dadin.

Erakusketak

Artea eta Paisaia. Nafarroako Museoa Bertizen

Hirurogeigarren urteurrenarekin bat, Museoan Arte y Paisaje. El Museo de Navarra en Bertiz erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketa horretan, bere bildumakoak diren eskultura horiek prestatzeko zazpi maketa daude, parkean dauden lanen argazkiekin batera. Horrela, bisitariek maketaren eta behin betiko lanaren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak ikusteko aukera izango dute. Halaber, bisitatzera animatuko dira.

Erakusketa hau bi arrazoirengatik antolatu da.  Batetik, Museoen Nazioarteko Batzordeak (ICOM) Museoak eta Kultura Paisaiak gaia ezarri du 2016ko Museoen Nazioarteko Egunerako, museoen eta museoak dauden paisaiaren arteko harremana nabarmentzeko. Bestalde, Nafarroako Museoak kaleko jarduerak sustatu ditu 60. urteurrenean, eta duela hogei urtetik eraikinetik kanpo erakusten duen bere bildumako eskulturen multzoa nabarmendu nahi du.  Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da ikusgai Nafarroako Museoaren ohiko ordutegian.

Erakusketa hori dela eta zenbait jarduera osagarri ere antolatu dira, hala nola urriaren 2ra arte egingo dira doako bisita gidatuak. Halaber, Nafarroako Museoak antolatzen dituen udako haur tailerrek erakusketa hori hartuko dute oinarritzat 2016. urtean. Oraingoan haur tailerrak ere izango dira Bertizen.

 

Karratu beltza lur gorriaren gainean

Angel Garrazaren Cuadrado negro sobre tierra roja lanaren aldi baterako mikroerakusketa ere inauguratu da, eta urriaren 2ra arte izango da.  Lana 1987. urtean egin zuen eta Nafarroako eskultoreak zeramikak ikuspegi narratibotik eskaintzen zituen aukeren inguruan ikertzen ari zela gauzatu zuela dio. Bere arte-jardueran une garrantzitsutzat jotzen du.