Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Hizkuntza, bere aztarnan

Gure Aroaren hasieran, erromatar armada orain Nafarroa deitzen dugun lurraldera ailegatu zen, eta baskoiekin topo egin. Hauek gehienek euskararen molde zahar bat erabiltzen zuten.

Konkistak hasiera eman zion erromanizatze kulturalari. Hemengo biztanleak pixka-pixkana bereganatzen joan ziren Inperio guztian ohikoak ziren erromatar bizimoduak: legeak, administrazioa, hiriko bizitza, ekonomia, ohiturak...

Baskoien lurraldea mundu erromatarrean txertatu zen; modu trinkoagoan erdialdean eta hegoaldean, nekazaritzari emanak baitziren, mendialde oihantsuan baino.

Erromatarren okupazioak latinaren ezarpena ere ekarri zuen berekin, hizkuntza ofizial bilakatua. Ezari-ezarian bertako mintzaira guztiak desagertu ziren... euskara kenduta.

Euskararen biziraupenari ez zaio oraindik azalpenik aurkitu.

Germaniarren inbasioaren eta krisi ekonomiko luzearen ondotik, V. menderako, Nafarroan ez zen erromatarren agintearen arrastorik gelditzen. Latinizazioak, ordea, jarraipena du erlijio berri baten gutxi-gutxinakako hedapenaren bidez: Kristautasuna.

Erromatarrak bost mendez nagusi izan ondoan, baskoien bizimoduak eta haien hizkuntzak indarra hartu zuten berriz.

Erromatarren garaitik oso dokumentu gutxi iritsi zaizkigu: harrietan edo txanponetan grabaturiko idazkunak, kontakizunen kopiak, Erdi Aroan eginak, eta abar.

Haietan inoiz ez da aipatzen baskoien hizkuntza.

Pertsonen eta jainkoen izenak, beste aztarnarik ez dugu baloratzeko noraino barneratu zen mundu baskoian erromatarren hizkuntza eta kultura eta zenbaterainoko sinbiosia izan zen bi munduen artean.

Hizkuntza, bere aztarnan