es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Punto de Vistak espazio bat eskainiko du sormen artistiko kolektiborako, laborategien programaren bitartez

2018/01/11

Gaur irekiko da epea profesionalek eta kazetariek beren akreditazioak eskatzeko.

Punto de Vista - Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XII. edizioa 2018ko martxoaren 5etik 10era bitartean egingo da, eta programazio-lerro berria abian jarriko du; hain zuzen ere, prestakuntza eta sormena lantzeko hainbat laborategi garatuko dira, eta abangoardiako zinemarekin loturiko hainbat ildo landuko dira

Lehen laborategi honetan, The Sound We See proiektua garatuko da, sormen filmiko kolaboratiboko mugimendu orokorra, hasiera batean Los Angeles hirian garatua, eta, ondoren, hiri hauetara eramana Hiriko Sinfonia propioak sortzeko: Holanda, Vietnam, India, Kanada, Ingalaterra, Alemania, Japonia, Suedia, Mexiko, Bulgaria eta Letonia. Datorren martxoan, Punto de Vistara iritsiko da, laborategiko parte-hartzaileek hiriko Sinfonia egin dezaten elkarrekin, Iruña super 8mm-tan filmatua. Proiektua Uharteko Arte Zentroarekin eta Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirol Departamentuarekin elkarlanean burutuko da.

Los Angelesko Echo Park Film Center-en arduradunek, Lisa Marr-ek eta Paolo Davanzok, esperientzia filmiko kolektiboa gidatuko dute, eta emaitza zuzeneko musikarekin estreinatuko da martxoaren 10ean jaialdia ixterakoan

. Laborategi honetan parte hartzen dutenek 24 minutuko artisau-pelikula egingo dute, eta eguneko ordu bakoitza proiekzioan minutu batekoa izango da. Super 8 kamerak eta sistema ekologiko bidezko errebelatzea erabiliko dituzte. Lan-saioak bi asteburu hauetan egingo dira: otsailaren 23tik 25era eta matxoaren 2tik 4ra, 10:00etatik 19:00etara bitartean. Parte hartzeko kuota 15 eurokoa da, eta izena emateko inprimakia online bete behar da. Izena emateko epea irekita egongo da urtarrilaren 11tik otsailaren 14ra.

Akrediazioak eskatzeko epea ireki da

Gaur ireki da Punto de Vista 2018rako akreditazioak eskatzeko epea. Akreditatu nahi duten profesionalek eta kazetariek jaialdiaren web orrialdearen bitartez egin dezakete. Akreditazioak eskatzeko epea irekita egongo da datorren otsailaren 23ra bitarte.

Akreditazio profesionala zinemaren eta ikus-entzunezko sormenaren esparruko profesionalentzat erreserbatuta dago modu esklusiboan (ekoizpen-etxeak eta banaketa-etxeak, errealizadoreak eta programatzaileak) nahiz hirugarren zikloko ikasleentzat, ikus-entzunezko ikasketa espezifikoak egiten ari direnentzat. Izena emateko kuota 20 €-koa da. Ordainketa jaialdiaren web gunearen bitartez egin daiteke otsailaren 25era bitarte; behin egun hori igarota, 25 € ordaindu beharko dira esku-dirutan, jaialdiaren egoitzan, martxoaren 7tik aurrera, akreditatuen stand-an. 

Prentsako akreditazioa, berriz, doakoa da, eta komunikabideko ordezkarientzat erreserbatuta dago modu esklusiboan (prentsa idatzia, prentsa elektronikoa, prentsa-, telebista- eta irrati-agentziak). Akreditazioak Atal Ofizialeko goizeko proiekzioetara, prentsaurrekoetara eta aurkezpenetara joateko lehentasuna ematen du. Akreditazioa dutenek beste ziklo batzuetako proiekzioetara joan ahal izango dute, aretoaren edukieraren arabera.

Animazioko film laburrak Iruñeko Planetarioan haurrentzat eta gazteentzat

Punto de Vistak edizio honetan espazio berri bat eskainiko du haurrentzat eta gazteentzat erakustaldia egiteko eta horiek trebatzeko. Animazioko zinema-programazioa emango da Iruñeko Planetarioan, eta zientziarekin eta kanpoko espazioarekin zerikusia duten pelikulak programatuko dira.

Gainera, Nafarroako Kutxaren lankidetzarekin, genero-ikuspegia duen zinema aztertzeko tailer ezberdinak eskainiko dizkie Bartzelonako Drac Magic taldeak Iruñeko ikastetxe ezberdinei 

Programa berria zuzendaritza artistiko berriak jaialdiaren edukiak berritzeko hartutako erabakiaren barnean kokatzen da; horrela, Dokbizia bezalako atal berriak egongo dira, hots, erreala denaren inguruan lan egiten duten artisten eta hizkuntzen arteko gurutzatzea eragin nahi duen topaketa.

Zazpi T’erdi, Lacasinegra eta Dostopos, X Films Proiektuaren zortzigarren edizioan gonbidatutako taldeak

Lehen aldiz, Punto de Vistak taldeak deitu ditu banako zinemagileen ordez, jaialdiak berak ekoiztutako dokumentala filmatzeko. Zazpi T’erdi, Lacasinegra eta Dostopos talde zinematografikoak gonbidatu dira X Films Proiektuaren zortzigarren edizioan lehiatzeko. Hiru taldeek Espainian ez fikziozko zinemaren arloan garatzen ari den zinema ordezkoenaren eta apurtzaileenaren onena ordezkatzen dute, eta hautatuak izan dira haien obra ezagutzera emateko eta oinarri geografiko gisa Nafarroa izanik filmatutako entsegu-proiektua aurkezteko jaialdian zehar.

Halaber, 2017an hautatutako proiektuaren, "La cosa vuestra", munduko premiere hartuko du jaialdiak. Lan horretan, María Cañas zinemagileak Sanferminen alderik ezkutukoenerako eta surrealistenerako bidaia proposatzen du, jai horiek hartzen ari diren bidearen inguruko hausnarketa egitearekin batera.

Boluntarioen eta epaimahai gaztearen kanpaina

Otsailaren 12ra arte irekita jarraitzen dute XII. ediziorako boluntarioak eta epaimahai gazterako kideak eskuratzeko bi kanpainak. Boluntario bezala izena eman nahi duten pertsonek esteka honetan egin dezakete: http://www.puntodevistafestival.com/es/voluntarios.asp.

Epaimahai gaztea bezala izena eman nahi duten pertsonek esteka honetan egin dezakete: http://www.puntodevistafestival.com/es/jurado_juventud.asp.

Punto de Vistak espazio bat eskainiko du sormen artistiko kolektiborako, laborategien programaren bitartez
"The Sound We See" proiektuaren irudiak.

Zerrendara itzuli

Bilatzailea