Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako Artxiboak Gerra Zibilari buruzko jatorrizko dokumentuak lehen aldiz erakutsiko ditu

2016/09/14

Nafarroako Artxiboak bihar, irailak 15, aldi baterako erakusketa bat zabalduko du, eta bertan, estreinakoz, zentroan kontserbatutako Nafarroako Gerra Zibilaren jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira.

El rastro documental de una guerra. Documentos de la Guerra Civil en el Archivo de Navarra (Gerra baten arrasto dokumentala, Nafarroako Artxiboan dauden Gerra Zibileko Dokumentuak) izenburua du bildumak, eta fase ezberdinak bereizten ditu: gerra aurreko garaia (mekanografiatutako lanbideak erakusten dira, esaterako), Iruñeko Presondegi Probintzialekoa (presoei emandako aparteko bazkariaren berri emanez Errepublikaren aldarrikapenaren hirugarren urteurrena zela eta), edo Errepublikako Lehendakaria hautatzeko konpromisarioen hauteskundeen zenbaketaren emaitzak.

Erakusketak gatazka sozial eta politikoaren etaparekin jarraitzen du, eta bertan dokumentu oso interesgarriak ikus daitezke, esaterako: Nafarroako Foru Aldundiko eta Probintzialeko osoko bilkurako akta-liburua Frente Popularraren izenean Iruñeko Jauregira egindako erasoan kendutako orriekin, justifikazio ideologiko gisa aurkeztutako zenbait dokumentu, eta baita Narbarteko haurren eskola nazionalak 1934ko urriko langileen iraultzako umezurtzen alde (Asturiasen) egindako diru-bilketa baten kontuak ere.

Testigantza garrantzitsuak eta bitxiak

Hirugarren kapitulu bat borrokako ideologiei buruzkoa da, eta erakusten dira: araudiak (Arellanoko Zirkulu Karlistarenak, Uxueko Talde Sozialistarenak, Valtierrako Irrati Komunistaren Estatutuak), UGTn, Ezker Errepublikarrean afiliatzeko zedulak edo Huarte Arakilgo Emakume Abertzale Batzaren araudia.

Gerrak eztandarazi zuen fasea ilustratzeko, 1936ko uztailaren 19an Diario de Navarrak eta Pensamiento Navarrok argitaratutako azalak aurkezten dira; haietan, uztailaren 18ko altxamendu militarraren berri ematen da. Gainera, Nafarroan altxatutako indarren antolaketa aipatzen duten dokumentuak daude, Nafarroako Gerrako Batzorde Zentral Karlista eratzeko akta, adibidez, edo Nafarroako Foru Aldundiko eta Probintzialeko Bandoa, nafarrei altxamendua babestu zezaten eskatzeko.

Gerran parte hartu zutenen kapituluan, soldaduen fitxak aurkezten dira, askok argazkiak nahiz dokumentuak dituzte, eta haien artean dago "Baztango hildako edo desagertutako, mutilatutako edo zauritutako soldaduen laburpen orokor" bat.

Gerrako fronteen kontua ilustratzen da, alde batetik, operazio militarren egunkarien kopiekin, eta bestetik, armada errepublikanoaren defentsako posizioen kartografiarekin, espia militarrek beraiek egindakoa.

Gerra horretan gertatutakoaren berri ematen dute: hegazkin errepublikanoek Iruñean egindako bonbardaketen metraila zati batek; Bidasoa ibaiaren gaineko zubi zaharreko argazkiek Endarlatsan, 36ko abuztuan suntsitua; edo Gobernu Zibilak herritarrei defentsa antiaereoan emandako aholkuek.

Erakusketan atzealdean izandako errepresioa ere kontatzen da, arrazoi politikoengatik izandako espetxeratze eta jazarpenekin eta dokumentu oso adierazkorrekin, adibidez: San Kristobalgo Gotorlekuko Espetxean atxilotutako maisuen zerrenda bat, edo gotorlekuko krokis bat 60. folio gisa espetxeetako funtzionarioen aurka eta espetxeko destakamentu militarreko kideen aurka egindako epaiketa sumarisimoan erakutsitakoa, 1938ko maiatzaren 22an presoek espetxetik ihesteagatik egindakoa.

Atal honetan aipagarriak dira ere, San Kristobalgo Gotorlekuko ihesaldian izandako 186 heriotzen epez kanpoko inskripzio-espedienteak, edo funtzionarioak garbitzeko prozesuetako itaunketa-espedienteak.

Erakusketa amaitzen da garaipenaren gorazarre ofizialaz diharduten materialetarako erakusleiho batekin, adibidez: Hildakoen Monumentuaren inaugurazio-ekitaldiko argazkiak, dominak eta beste batzuk.

Kontsulta daitekeen dokumentazioa

Erakusketa honetarako hautatutako dokumentuei esker, askotarikoak direnak eta informazio oparoa eta oso bisuala den edukiarekin, interesdunek ezagutu ahalko dute Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean Gerra Zibilari buruzko zer informazio-mota kontsulta daitekeen, bai eta bertan zer informazio-mota eskura dezaketen ere.

Izan ere, bilduma honekin, Artxiboak funts dokumentaletan txertatu den dokumentazio berria ezagutarazi nahi du ere. Teknikariek azken urteotan identifikatutako, antolatutako eta katalogatutako dokumentuak dira, eta gehienak estreinakoz erakusten zaizkio jendeari.

Dokumentuak gaien arabera 9 ardatzetan banatzen dira, 17 beira-arasatan jarrita. Gatazkaren eztanda, bilakaera eta amaiera erakutsi nahi dute kontaketa erraz irakurtzeko garapen kronologiko bat eginez. Hainbat gai jorratzen dira: gatazka lehertu aurretiko urteak, orduko ideologiak, uztailaren 18ko altxamendu militarra, gerrako fronteak, Nafarroako gerra, atzealdean izandako errepresioa, biktimak eta gerraren amaiera.

Nafarroako Artxiboan zaintzen da dokumentuen bolumen garrantzitsu bat, gehiena instituzional motakoa da, eta ofiziala. Nolanahi ere, ondare dokumental honen barnean irudikatu gabeko Gerra Zibilaren alderdi zehatzak daude. Ezezaguna den dokumentazioa da, baina beharrezkoa dena gatazkako hainbat alderdi islatzeko, ezagutzeko eta ulertzeko, jasan zutenen bizipenei lotutakoak bereziki. Arrazoi hori tarteko, erakusketaren sarreran beira-arasa huts bat jarri da, eta hura ez dagoen arrasto dokumental hori islatzen saiatuko da, memoria historikoa berreraikitzeko funtsezkoa dena.

Erakusketak dokumentazioa duten partikularrak ere animatu nahi ditu eskuzabaltasunez jokatu eta Nafarroako Artxiboari dohaintzan eman diezaion, artxiboak herritarren eskura laga ahal dezan; hala, iraganeko memoria idatzia kontserbatzen lagunduko lukete.

Ordutegiak, bisita gidatuak eta beste ekintza osagarri batzuk

Erakusketa edonork bisita dezake, doan da eta Nafarroako Errege Artxibo Orokorreko erakusketa-aretoan izango da ikusgai irailaren 15etik 2017ko urtarrilaren 8ra. Astelehenetik ostiralera zabalduko da 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; asteazkenetan 10:00etatik 19:00etara, eta asteburu nahiz jaiegunetan, 11:00tatik 14:00etara.

Asteburuetan taldeetarako doako bisita gidatuen sistema bat prestatu da, gaztelaniaz eta euskaraz, 12:00etan, eta horretarako, beharrezkoa izango da lekua aurrez gordetzea ondorengo telefono-zenbakira deituta: 848 42 46 67.

Artxiboa tailer dokumentalen eta hitzaldien ziklo bat ere antolatzen ari da azarorako.

Gerra Zibilerako erreferentziazko artxiboa

Nafarroako Artxiboan XX. mendeko lehen erdiko funts dokumental garrantzitsu gehienak zaintzen dira, hau da, Nafarroako Gerra Zibila aztertzeko erreferentziazko artxiboa da. Izan ere, egunero, kontsulta-aretoan gai horri buruzko dokumentazioa eskuratzeko hainbat eskaera izapidetzen dira, eta azken urteotan areagotu egin dira gatazka hau aztertzeko dagoen interes handia dela eta.

Gerra Zibilari lotutako dokumentazioa duten funtsak bat baino gehiago dira: alde batetik, administrazioko funts dokumentalak daude, Nafarroako Foru Aldundiko eta Probintzialekoak adibidez, Hezkuntzako Goi Batzordekoak, Bigarren Irakaskuntzako Administrazio Atalarenak edo Gerraren Batzorde Zentral Karlistarenak.

Jurisdikzio bereziei dagozkien organo judizialetatik jasotako dokumentazioa ere badago, honako hauetakoak, esaterako: Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintziala, Iruñeko Erantzukizun Politikoen Instrukzioko Epaitegi Probintziala, Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Epaitegia eta Erantzukizun Politikoen Epaitegi Berezia.

Gainera, Justiziako Administrazioaren ohiko jurisdikzio-organoen dokumentazioa ere gordetzen da; honako hauetakoak, adibidez: Lehen Auzialdi eta Instrukzioko Epaitegiak, Probintzia Auzitegia eta Iruñeko Lurralde Auzitegia.

Azkenik, funts pertsonalak ere nabarmendu behar dira, Rufino García Larrache edo Félix Maiz-enak, esaterako.

Dokumentu gehiago jasota

Azken urteotan dokumentazioen transferentzia garrantzitsuak izan dira eta, horri esker, 1965a baino lehenagoko Nafarroako dokumentu gehienak artxibo-zentro bakar batean gorde ahal izan dira.

Nafarroako Foru Komunitatea titularra den dokumentazio garaikidea 2004an jaso zen Nafarroako Foru Aldundiko eta Probintzialeko Funtsa izenarekin, artxiboa egungo egoitzan berriz irekitzen zela baliatuz (Iruñeko Errege Jauregia). Bestalde, Estatuko Lurralde Administrazioak eta Administrazio Judizialak sortutako dokumentazio garaikidea gordailu gisa 1993 eta 2015 artean egindako transferentzien bidez jaso da.

Dokumentazio garaikidearen azken transferentziak Administrazio Judizialetik etorri da, hain zuzen. Zehazki, 2012 eta 2015 artean transferentzia bidez jaso zen Iruñeko Artxibo Judizial Orokorretik, gordailu gisa, XIX. eta XX. mendeetan Nafarroan egoitza izandako organo judizialek sortutako dokumentazioa, eta Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak 1998tik aurrera gordetzen zuenari gehitu zitzaion.

Gerra Zibilari lotutako dokumentazioaren gaineko berariazko jarduerak

2014 eta 2015 urteetan dokumentazio horri buruzko artxiboko lanak jorratu dira, eta horri esker, erabat antolatu eta ordenatu ahal izan da; horrekin batera, herritar guztiek eskuratzeko moduan jarri da, eta ikertzaileei ere ikerketarako bide berriak zabaldu zaizkie.

Zehazki, urte hauetan Nafarroako Artxiboko teknikariek Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Epaitegiko 1.538 epai deskribatu eta identifikatu dituzte; Hauteskunde Erroldetako 6.035 zerrenda deskribatu dituzte 1897 eta 1945 artean, eta Hezkuntzako Goi Batzordeko maisuen 358 garbiketa-espediente, Nafarroako Foru Aldundiko eta Probintzialeko funtzionarioen 73 garbiketa-espediente eta altxatutako bandoko soldadu nafarren 40.791 fitxa deskribatu dituzte ere.

Lan horiek erantzukizun politikoen 936 espedienteren eta epez kanpoko heriotza-inskripzioko 1.168 espedienteren identifikazioari gehitzen zaizkie, Iruñeko Artxibo Orokor Judizialeko teknikariek egin zituztenak dokumentazio judiziala Nafarroako Artxibora transferitu aurretik.

Nafarroako Artxiboak Gerra Zibilari buruzko jatorrizko dokumentuak lehen aldiz erakutsiko ditu

Zerrendara itzuli