Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Larriminez bizi den gizon baten erretratua, merkatu batean aurkitutako zinta batzuetan oinarriturik egina, Punto de Vistaren hurrengo FOKUan

2016/10/25

Film bat edo hura egiteko ideia eta gidoia edozein kukuso merkatutan salgai dagoen kutxa batean ere gorde daitezke. 

Horixe gertatu zitzaion eta gertatzen zaio Wim van der Aar zinemagile holandarrari; izan ere, istorio bilatzaile nekaezinen denez, gazte eta berde zen garaitik antzinako gauzen saltokiak bisitatzen ditu pasioz beterik, ahantzitako material filmatua edo harribitxi narratiboren bat aurkitzeko esperantzan (bilduak ditu ezezagun amateurren 5.000 film inguru). Kasu honetan, urrezko materiala aurkezten digu: guztira 60 ordutik gorako iraupena duten 29 zinta, kutxa batean sartuak; telefonozko elkarrizketa misteriotsu batzuk dira, pertsona berberak bere bizi osoan zehar eginak eta erregistratuak. Haiek erosi eta banan-banan aztertu ondotik, zinemagileak found footageko detektibe bati dagokion lana egiten du. Zinta horietako hariak jostea besterik ez zaio gelditzen, eta bilaketa lan horren emaitza izaki anonimo baten eta bere ingurunearen erretratua da: argi-ilunak dituen pertsonaia, telefonozko bere solasaldi guztiak erregistratzeko obsesioa duena. Hortik ateratzen den filmak larriminez bizi den gizon bat erakusten du, bere deiak grabatzen zituena beharbada espero izanik norbaitek (suerte izanez gero, zinemagile batek) noizbait aurkituko zituela bigarren eskuko gauzen merkatu galduren batean.

Film honetaz gainera, Wim van der Aar zinemagile holandarrak bi dokumental luze, All You Need Is Me (2016) eta Gabbers! (2013), eta Spotters (2014) film laburra zuzendu ditu.  

De Van Waveren Tapes (Holanda, 2012), 87 minutuko iraupenarekin, izanen da Punto de Vistaren FOKUko hurrengo saioaren ardatza; Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak ziklo hau programatzen du Zinematekarekin batera, mundu osoko gaur egungo ez-fikzioko filmak aurkezteko. Ziklo honen barrenean hilabetero emanaldi bat izaten da Nafarroako Zinematekan. 

Saio hau hurrengo urriaren 27an izanen da, ostegunarekin, 20:00etan, jatorrizko bertsioan (nederlanderaz), gaztelaniazko azpitituluekin; sarreraren prezioa 3 € izanen da.

Larriminez bizi den gizon baten erretratua, merkatu batean aurkitutako zinta batzuetan oinarriturik egina, Punto de Vistaren hurrengo FOKUan

Zerrendara itzuli