Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Bertsolaritza kultura-intereseko ondasun deklaratuko da

2017/09/19

Nafarroako Gobernuak tramiteak hasi ditu bertsolaritza kultura-intereseko ondasun deklaratzeko, ondasun ez-material gisa, Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak egindako proposamenari jarraikiz. Deklarazio horren ondorioz, bertsolaritzak Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako goreneko babes maila jasoko du.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak, bertsolaritza kultura-intereseko ondasun deklaratzen duen espedienteari hasiera emanez, bide ematen dio alorreko eragile gehientsuenen topagune den Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak egindako eskaerari. Jendaurreko argibideek eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteek bertsolaritza Nafarroako kultura-intereseko ondasun deklaratzeko prozesua osatuko dute.

Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak aurkezturiko eskabideak informazio xehatua dakar kultura ondasun horren gainean. Badakar, halaber, memoria bat, eta bertan azalduta, alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartze maila, denboran zehar izan duen bilakaera, transmisio moduak eta irauteko zein arriskuei egin behar dien aurre.

Espedientea osatu da Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari tekniko den Alfredo Asiáin Ansorenak idatzitako txosten baloratu batekin. Asiáinek, etnolinguista aditua izaki, bertsolaritza aztertzeko eta Nafarroako kultura-ondare immaterial deklaratzeko arrunt elementu interesgarriak adierazi ditu.

Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa, eta hura babesteko neurriek saihestu beharko dute adierazpide honen fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna.

Bertsolaritza euskarazko bat-bateko kantu modalitate bat da. Bertsoak eta puntuak errimaz eta neurriz egiten dira, musika tresnen laguntzarik gabe. Ikuspegi historikoari dagokionez, XV. mendeko erreferentziaren bat izan bada ere, lehen dokumentu erregistroak XVIII. mendekoak dira.

Doinua, errima eta neurria dira bertsoaren alderdi teknikoak. Bertsoaren indarra balio poetikoan eta arrazoibidearen distiran daude. Sortzaileak, bertsolariak, mendeetan zehar kultura adierazpen hau bizirik mantendu duten eta belaunez belaun ahoz transmititu duten inprobisatzaileak dira. Bertsolaritzak duen bigarren funtsezko subjektua entzulea da, bertsolaritzaren zeinahi modalitatetan eragile aktibo izaten dena.

Honekin batera, sei izanen dira Nafarroako kultura intereseko ondasun deklaraturiko elementuak:Lanzko inauteria (2009), Ituren eta Zubietako inauteria (2009), Hiru Behien Zerga (2011), Luzaideko bolantak (2012) eta Cortesko paloteadoa (2014).

Bertsolaritza kultura-intereseko ondasun deklaratuko da

Zerrendara itzuli