Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Barkos Lehendakariak José Lainez eta Concha Martínezi banatuko die larunbat honetan Kulturaren Viana Printzearen 2017ko saria Erriberrin

2017/05/25

Aurtengo nobedade gisa, publikoak plazatik jarraitu ahalko du ekitaldiaren garapena, errege-erreginen jauregiko harresian kokatuta egongo da pantaila baten bidez.

Uxue Barkosek, Nafarroako Lehendakariak, Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoei banatuko die larunbat honetan, maiatzak 27, Kulturaren Viana Printzearen 2017ko saria Erriberriko errege-erreginen jauregiko patioan. Foru Gobernuak ematen duen saria da. Aurtengo nobedade gisa, publikoak Karlos III. Prestuaren plazatik jarraitu ahalko du ekitaldiaren garapena, errege-erreginen jauregiko harresian kokatuta egongo da pantaila baten bidez.

Ekitaldian, saridunez gain, Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Foru Komunitateko agintari eta erakunde politiko nagusiak eta Nafarroako Kultura Batzordeko kideak ere izango dira.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da Nafarroako ereserkiarekin (Erresumako Sarrera Martxa), Tafallako Rey Sancho Abesbatzak abestuta. Ondoren, Bertha Bermúdez dantzariak saridunen meritu artistikoei buruz egindako alokuzioa entzungo da. Gero, Rey Sancho abesbatzak berak, Alfonso C. Huartek zuzenduta, Nafarroako Teobaldo I. erregearen Dame maitasun-abestia interpretatuko du.

Horren ondoren Barkos Lehendakariak saria banatuko du, eta saridunek hitz egingo dute. Lehendakariak amaitutakoan, beste musika-interpretazio bat egongo da. Oraingoan, garaikidea izango da, arraza beltzeko amerikarrek sukaldaritzako prestaketaren inguruan zuten tradizioan oinarrituta. Juba, hain zuzen, Jo McNallyrena.

Amaitzeko Foru Komunitateko Lehendakariak hitz egingo du berriro, eta ondoren Rey Sancho abesbatzak Josu Elberdinen Por eso cantamos juntos abestuko du.

Erriberriko errege-erreginen jauregian Vianako lehen printzea bizi izan zen, Carlos de Trastamara y Evreux, eta han eman zuen bere bizitzako zati handi bat. Bere garaian Europako gaztelurik luxuzkoenetakoa zen.

Lehendakariaren oholtza Santa Maria elizako dorrepean jarriko da, Viana Printzearen zutoihalaz apainduta- Hor, sari-banaketa (diploma bat, Erriberriko Carlos Printzearen grabatuekin) eta alokuzioak egingo dira.

Dantza emanaldiak eta bisita gidatuak

Ekitaldi hau dela eta, Nafarroako Gobernuak eta Erriberriko Udalak herri-festa bat antolatu dute, doan, eta dantza izango da nagusi.

Ekitaldia amaitu ondoren, Karlos III. Prestuaren plazan bi dantza-ikuskizun emango dira. Horietako bat Kukai Dantza taldearena izango da, Jon Maiak zuzenduta. Cesc Gelaberten Gelajauziak koreografia interpretatuko du, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako lan artistiko eta garaikidea dena. Nafarroako Dantza Eskola ere arituko da, Marisa Verak koreografia egindako Líneas y Curvas ikuskizuna aurkeztuko duena.

Emanaldi hauek amaitutakoan, Nafarroako Ardoaren Kofradiak ardo-kopa bat eskainiko du, errege-erreginen jauregiko patioan nahi duenarentzat.

Arratsaldean, 15:00etatik 20:00etara bitartean, ateak zabaltzeko eguna izango da errege-erreginen jauregian. Sarrera doan izango da bisitarientzat. Bestalde, 16:30ean eta 17:30ean bisita gidatuak izango dira, doan ere bai. Horrez gain, doako bisita gidatu bat ere antolatuko da Santa Maria elizako portalera. Bietan parte hartzeko, larunbatean bertan leihatiletan izena eman beharko da.

Bestalde, Foru Komunitatearen kulturako sari nagusiaren jarraipena egiteko, Radio Nacional de España irratiak (Radio 5 irratiaren bidez) zuzenean emango du ekitaldi osoa Erriberriko errege-erreginen jauregitik. Halaber, Ser Navarra irratiak ekitaldiari buruzko informazioa ere emango du. Azkenik, Navarra Televisión kateak 22:00etan emango du sari-banaketa, diferituan

Barkos Lehendakariak José Lainez eta Concha Martínezi banatuko die larunbat honetan Kulturaren Viana Printzearen 2017ko saria Erriberrin

Zerrendara itzuli