Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Barkos Lehendakariak beraien "sorkuntza, eszenaratze eta prestakuntzarekin" dantza garaikideari egindako ekarpena nabarmendu die Jose Lainez eta Concha Martinezi

2017/05/27

Dantzari eta koreografo horiek 2017ko "Viana Printzearen" saria banatu die Erriberriko errege-erreginen jauregian egindako ekitaldian. 

Uxue Barkosek, Nafarroako Lehendakariak, beraien "sorkuntza, eszenaratze eta prestakuntzarekin" dantza garaikideari egindako ekarpena nabarmendu die Jose Lainez eta Concha Martinezi. Horrela adierazi du gaur goizean Erriberriko errege-erreginen jauregian egindako 2017ko Kulturaren Viana Printzearen Sariaren banaketa-ekitaldian. Hain zuzen dantzari eta koreografo horiei banatu die.

Emandako hitzaldian hauxe nabarmendu du Barkosek: "lehen aldiz eman zaio saria dantzari, lehen aldiz sartu da zenbait hamarkadetan talde-lana egiten aritutako bikote baten lana, eta lehen aldiz ere saritu dira Nafarroako kulturan historia egin duten gizon eta emakume bat".

Lehendakariak hauxe azpimarratu du: "Nafarroan eta Estatu osoan dantza garaikidea bultzatzeko egindako ekarpena, eta aitzindariak izan direla beraien ikuspegi artistikoarekin, gorputzaren eta espazioaren arteko harreman esperimental eta ziritzaile batean oinarrituta dagoena. Dantza garaikideko dantzari eta sortzaileen hainbat belaunaldirentzat eredua izan dira".

Saridunak agintariekin eta Dantza Eskolako dantzariekin.

Haien jarduera zabala ere berrikusi du: "15 eta 17 urterekin Amsterdamera joan ziren Hel Nacionale Balleten ikasleak izateko, eta Europa eta Amerikatik ibili ziren interpretatu zituzten 35 koreografietako batzuekin". Horren ondoren, Barkosek adierazi du Lainez eta Martinez 1979. urtean heldu zirela Iruñera Pablo Sarasate Kontserbatorioko Dantza saila sortzeko, "dantza-konpainia berri bat sortzea ere barne hartzen zuen erronka berri bati aurre egiteko ilusioarekin". Horri esker, Nafarroako Dantza Eskola eta Yauzkari konpainia sortu ziren, "bi donostiar hauek hamar urte lehenago beraien jaioterrian sortu zuten Anexa prestakuntzaren urratsei jarraitzen zitzaiena", gaineratu du Barkosek, "beren proposamenak herrialde osoan eta Europan finkatuz". Zentzu horretan, Lehendakariak nabarmendu du lan horietan "antzerki- eta musika-abangoardien aztarna" dagoelako, eta baita "euskal kulturaren tradizioa ere, zenbait koreografietan jasota".

Prestatzaile gisa izandako jarduerari dagokionez, Barkosek hauxe nabarmendu du: "beren jarduera aberatsean bereganatu zituzten ezagutza guztiak igortzeko izandako interesari eta eskuzabaltasunari esker, dantza garaikideari buruz egindako edozein ikerlanek edo doktorego-tesik aitzindaritzat hartzen dituzte, arte-diziplina hori gure herrialdean sartzeko egindako ekarpenarengatik".

Bestalde, Lehendakariak azpimarratu du sari honetan "zorioneko kointzidentziak" egon direla, izan ere, saria Dantza Egunaren bezperan, hots, apirilaren 29an, jakinaraztea aurreikusita zegoen, eta banaketa Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren ospakizun betean egiten da. Jaialdi horrekin, "foru Gobernuak apustu handia egiten du komunitate hau mugimenduzko arteetarako erreferentziako toki bihurtzeko, eta lau kontinenteetako proposamenak bateratzen dira".

Saridunen hitzak

Jose Lainez hunkituta agertu da, eta jaso duen saria eskertu du. Hasieran, ekitaldia egin den jauregiko patioan koreografia bat nola egin zitekeen eta altzariek eta bertaratutakoek zer eginkizun izango luketen azaldu du. Gero, hautagai gisa aurkeztu zirenei eskerrak eman dizkie, eta bere dantza-eskoletan ikasi duten ikasleak nahiz berarekin aritu diren laguntzaileak gogoratu ditu; baita, zuzendu dituen taldeetan parte hartu dutenak ere.

Lainezek adierazi du berezi poztu duela Concha Martinekin saria partekatzeak, izan ere, dantzaren munduan egindako zati handi bat berari zor diola. "Dantza ahaztutako artea da", adierazi du saridunak, eta zirkuitu bat eskatu du funtzionatu ahal izateko. Hala ere, "Nafarroa une honetan une gozoan" dagoela esan du. Azkenik, dantzariak beste herrialde batzuetara joateko arrazoia beraiek nahi dutelako izatea eskatu du, eta ez behar dutelako.

Concha Martinezek labur hitz egin du. Saria emango ziotela jakinarazi zutenetik komunikabideek emandako arreta eskertu du, eta "hemen gurekin ez dauden senideak, lagunak eta laguntzaileak" gogoratu ditu, hemen gozatu egingo zutelako.

Aldez aurretik Bertha Bermudez dantzariak saridunen laudatio bat egin du eta hauxe esan du: "Jose eta Concharen ondoan beraien lanen eta haiekin elkarlanean egon ziren eta 80ko hamarkadan dantza garaikidearen xarmaz jabetzen lagundu ziguten dantzarien oroitzapenak daude.

Yauzkari konpainiarekin sortu zituzten lanek belaunaldi oso batean eragin dute, eta belaunaldi hori nirea ere bada".
Bermudezek saridunekin egon denean hauxe esan du: "hein batean berandu, ni ez naiz ikaslea izan eta ez dut haiekin dantzatu. Geroago ezagutu ditut, eskuzabaltasuna, sormena eta oroitzapen handiak igortzen dituen beraien etxe zoragarrian. Hain aberatsa da beraien iragan ezen orain betetzen baitu". Haiei buruz hitz egitean hauxe nabarmendu du: "Jose eta Concha bikote aparta dira, haien maitasuna eta errespetua keinu bakoitzean, hitz bakoitzean, nabaritzen dira, eta dantza ez da osagarri bat, dantza beraiek dira, beraien bizitza da".

Sariari buruz hauxe nabarmendu du Bermudezek: "beraien bizitza pasio batean, bizimodu batean, eman duten bi pertsonari ematen ari gara saria". Eta Lainezen hitz batzuk gogora ekarri ditu: "Gu, Concha eta ni, eta gure laguntzaile dantzariak edo teknikariak, esku artean dugun ekintzan murgiltzen saiatzen gara, egoera hori gure bizitzaren parte izateko".

Amaitzeko, Bermudezek Concha Martinezen hitz batzuk ere gogoratu ditu, Amsterdamen hasi zenean Lainezekin egon zen aldian. Saridunak "dantza arnasten" zutela esan du. Bertha Bermudezek hitz horiek bereak egin ditu, eta hau esan du: "zuek bezalako pertsonei esker, oxigeno berria, sutua, indartsua eta hunkigarria arnasten dugu: dantza".

Ekitaldiaren garapena

Ekitaldia Jauregiko patioan izan da aurten ere, eta besteak beste Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Foru Komunitateko agintari politiko eta erakundeetako agintari nagusiak, Nafarroako Kultura Batzordeko kideak eta Foru Komunitateko artearen eta kulturaren munduko ordezkariak bertaratu dira.

Erriberriko errege-erreginen jauregian Vianako lehen printzea bizi izan zen, Carlos de Trastámara y Evreux, eta han eman zuen bere bizitzako zati handi bat. Bere garaian Europako Erdi Aroko gaztelurik luxuzkoenetako bat zen.

Lehendakariaren oholtza Santa Maria elizako dorrepean jarriko da, Viana Printzearen zutoihalaz apainduta. Hor, sari-banaketa (diploma bat, Erriberriko Carlos Printzearen grabatuekin) eta alokuzioak egin dira. Oholtzan honela egon dira kokatuta: ezkerraldean, Barkos Lehendakaria, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez eta Erriberriko alkatea, Andoni Lacarra; eskuinaldean, José Lainez, Concha Martinez eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera.

Aurtengo nobedade gisa, publikoak Karlos III. Prestuaren plazatik jarraitu ahal izan du ekitaldiaren garapena, errege-erreginen jauregiko harresian kokatuta egongo den pantaila baten bidez.

Ekitaldia 12:00etan hasi da, Nafarroako ereserkiarekin, Erresumako Sarrera Martxa, Tafallako Rey Sancho Abesbatzak interpretatuta. Ondoren, Bertha Bermúdez dantzariak saridunen meritu artistikoak aipatu ditu. Gero, Rey Sancho abesbatzak berak, Alfonso C. Huartek zuzenduta, Nafarroako Teobaldo I. erregearen Dame maitasun-abestia interpretatu du.

Barkos Lehendakariak saria banatu ondoren Lainezek eta Martinezek Nafarroako Dantza Eskolako Alejandra Torres eta Laura Elizalde ikasleek emandako lore batzuk jaso dituzte, eta ondoren, este musika-interpretazio bat egongo da. Oraingoan, garaikidea izango da, arraza beltzeko amerikarrek sukaldaritzako prestaketaren inguruan zuten tradizioan oinarrituta. Juba, hain zuzen, Jo McNallyrena.

Amaitzeko Foru Komunitateko Lehendakariak hitz egingo du berriro, eta ondoren Rey Sancho abesbatzak Josu Elberdinen Por eso cantamos juntos abestu du.

Dantza-emanaldiak eta ateak zabaltzeko bisitak

Ekitaldi hau dela eta, Nafarroako Gobernuak eta Erriberriko Udalak herri-festa bat antolatu dute, doan, eta dantza izan da nagusi.

Ekitaldia amaitu ondoren, Karlos III. Prestuaren plazan bi dantza-ikuskizun eman dira. Horietako bat Kukai Dantza taldearena izan da, Jon Maiak zuzenduta. Cesc Gelaberten Gelajauziak koreografia interpretatu du, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako lan artistiko eta garaikidea dena. Halaber, Nafarroako Dantza Eskola ere aritu da, Marisa Verak koreografia egindako Líneas y Curvas ikuskizuna aurkeztu duena. Musika, R. González, Ran Bagno, Ed. Sheeran eta M. Jacksonena izan da. Dantzariak Carlota Barandalla, Claudia Díaz, Laura Elizald, Khrisvel Kingsley, Isabel Armendáriz, Ángela Chocarro, Paula Martínez, Ana Alejandra Torres eta Nerea Gárriz izan dira.

Emanaldi hauek amaitutakoan, Nafarroako Ardoaren Kofradiak ardo-kopa bat eskaini du, errege-erreginen jauregiko patioan, nahi zuenarentzat.

Arratsaldean, 15:00etatik 20:00etara bitartean, ateak zabaltzeko eguna izan da errege-erreginen jauregian. Sarrera doan izan da bisitarientzat. Bestalde, 16:30ean eta 17:30ean bisita gidatuak egin dira, doan ere bai. Horrez gain, doako bisita gidatu bat ere antolatu da Santa Maria elizako portalera.

Barkos Lehendakariak beraien

Zerrendara itzuli