Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

1513. Urtubiako bakeetatik. Geografia eta paisaia erakusketa

Jorge Oteiza Fundazio Museoa

2016/05/28 - 2016/09/18

Gillermo Zuaznabar komisario duen erakusketa Europako Kultur Hiriburuaren Bake-ituna proiektuaren parte da.

Erakusketa:1513. Urtubiako bakeetatik. Geografia eta paisaia.

Komisarioa: Gillermo Zuaznabar.

Erakusketa-eremua: Oteiza Museoa.

Ekoizpena: Oteiza Museoa eta Donostia 2016 Fundazioa.

Egunak: 2016ko maiatzaren 26tik irailaren 18ra.

Kolaboratzaileak: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Museoen Sarea, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Eguesko Udala eta Sancho el Sabio Fundazioa. Babeslea: Telefónica.

Fernando Katolikoak, Aragoiko errege eta Gaztelako erregeordeak, eta Luis XII.a Frantziakoak bake-ituna sinatu zuten 1513an, Urtubiako gazteluan. Une horretan, Nafarroak Albret dinastiari –Frantziako koroaren aliatua zen– lotutako erreinua izateari utzi zion, eta Gaztelako Erreinuaren mende egotera igaro zen. Bake-akordio horren dokumentua da, bada, 1513. Urtubiako bakeetatik. Geografia eta paisaia erakusketa-proiektuaren abiapuntua. Lurraldearen konfigurazioaren, gizartearen administrazio-ordenaren eta paisaiaren irudikapenaren arteko harremana du hizpide erakusketak, kartografia historikoa eta artista garaikideen lanak oinarri hartuta.

Esan bezala, Urtubiako bake-itunaren dokumentua, Simancaseko Artxibotik datorrena, da erakusketaren abiapuntua. Gillermo Zuaznabar da erakusketaren komisarioa, eta Oteiza Museoak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak ekoitzi dute, Nafarroako Kutxa Fundazioaren, Eguesko Udalaren eta Sancho el Sabio Fundazioaren lankidetzarekin, bai eta Telefónicaren babesarekin ere. Erakusketa DSS2016EUren Bake-ituna proiektuaren barruan dago, eta proiektu handi horren lehen ikerketa-kasua da.

Erakusketa gaur aurkeztu da Oteiza Museoan, eta honako hauek izan dira ekitaldian: Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi eta Oteiza Fundazioko idazkari Fernando Pérez, autonomia-erkidegokoekin batera kultura-arloko lankidetzan aritzeko zuzendariorde nagusi Begoña Cerro, Oteiza Museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereño, Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berástegui, Bake-itunaren komisario Pedro G. Romero eta erakusketaren komisario Gillermo Zuaznabar.

Urtubiako bake-itunaren dokumentuaz gain, Julio II.a aita santuak 1512an emandako buldak ikusi ahal izango dira. Horietan ohartarazten zenez, Nafarroak Gaztelari atxikitzeari uko egingo bazion, Elizaren etsaiak babestea leporatuko zioten.

Une hori abiapuntu hartuta, 65 piezaz osatutako erakusketak, kartografia historikoaren multzo handi baten bidez, Nafarroa Gaztelari atxiki zitzaionetik sortutako ordena geopolitiko berria irudikatzen du, bai eta hori irudikatzeko dokumentuak egiteko beharra ere.  Kartografia historikoaren bidezko ibilbidea osatzeko, nazioarteko geografiako elementuak daude. Horien artean, Ptolomeoren Kosmografia bat nabarmentzen da; XV. mendeko eskuizkribu hori harribitxi bibliografiko bat eta Espainiako Liburutegi Nazionalean gordetako dokumentu garrantzitsuenetako bat da, eta, orain, Oteiza Museoan ikusgai dago. Horrez gain, nabarmentzekoa da ere Abauntzako maparen erreplika bat; hots, kristo aurreko 9815eko pieza neolitikoa, gubilez grabatutako irudikapenez estalitako gainazala duena eta estilo franko-kantabriarreko arte paleolitikoaren ereduak jarraitzen dituena.

Dokumentu-erreferentziez gain, erakusketak paisaiaren eraketa garaikidea ere du hizpide, egile moderno eta garaikideen lanaren bitartez. Atal horretan, Eduardo Chillidaren hiru lan ikus daitezke,Lurrak seriekoak, eta Jorge Oteizaren beste hainbeste lan, bai eta Jose Migel Barandiaranen dokumentu eta argazki ugari ere, XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan egindako indusketetakoak. Erakusketaren 65 piezen multzoa osatzeko, Carlos Irijalba, Javier Alkain eta beste artista batzuen lanak daude, bai eta Alessandro Isastiak eta Manuel Asínek proiektu honetarako berariaz ekoitzitako piezak ere.

Erakusketa-proiektuari laguntzeko, monografia bat argitaratu da, Gillermo Zuaznabarrek idatzitako Erakusketa baten mapa testua jasotzen duena. Eta horretarako ezinbestekoak izan dira Espainiako Liburutegi Nazionalak, Simancaseko Artxiboak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Sancho el Sabio Fundazioak, Chillida Lekuk, Chillida-Belzunce familiaren bildumak, Nafarroako Museoak, Javier Alkain bildumak eta Carlos Irijalba bildumak utzitako lanak eta dokumentuak.

1513. Urtubiako bakeetatik. Geografia eta paisaia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Bake-ituna proiektuaren azterketa-kasuetako bat da, San Telmo Museoarekin eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera antolatutakoa, Telefónicaren babesarekin eta EU-Japan Festen eta Flandesko Gobernuaren laguntzarekin, bai eta honako hauen kolaborazioarekin ere: Baionako Euskal Museoa, Le DIDAM, Baionako Udala, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Antoni Tàpies Fundazioa, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Zumalakarregi Museoa, Laboratorium Museoa, Salamancako Unibertsitatearen VIII. Mendeurrena eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.

Erakusketaren liburuxka

Artelanen zerrenda

Bake Ituna liburuxka

Erakusketaren gidalibura

Bilatzailea